XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

LABORARI AITA-SEMEAK

Jo lanean, erna, berma, neka,
Bat da lana, lan-moldeak hameka!
Etxeko-jaun laborari batek, beihala,
ezaguturik laster hiltzera zoala,
bainan oraino bere zentzu guziaren jabe,
bildu zituen bere haurrak, lekukorik gabe,
eta erran zioten, mintzoa apal:

- Jainkoak begira gure etxe hau sal!
Badakit, aspaldidanik,
ene aitasok erranik,
eltzurre bat badela gordea gure lurretan.
Zorigaitzez, ez baitakit nik ere, xuxen, zointan!
Bainan, apur bat bermatuz,
eta, beharrez, nekatuz,
segur, han edo hemen duzue kausituko!
Harro beraz lurra, ogia bildu orduko.
Iraul zazue ere, barna!
Eman haitzur-aldi bat ona!
Aldi bat baino, bietan hobe!
Ez utz zehe(5) bat ikertu gabe! -

Aita zendu eta, haurrak lotu lanari.
Beren lur guziak azpiz goiti ezarri,
hemen, han:
orotan.
Hain ontsa non, ondoko urtean, lanaren sari,
lur guziek uzta bat gaitza baitzuten ekarri.
Eltzurre bihirik
ez zen ez gorderik.